Mundua.com
 
Bloga sortu  Sartu  

Baloiak errealitate gordinaren lurra ukitu zueneko egun arraro hori

Atea ireki nuen. Beldurrak gorputzeko zirrikitu guztietatik egiten zidan alde korrika egitera doan ume potoloari izerdiak bezala. Ama arduratu batek bere semeari buruz egun oso batean deus ez dakienean, errieta latza izaten ohi da lehen erreakzioa, nahiz eta nire Ama santu baten modukoa izan.

 

Atea zabaldu bezain laster Ama nuen zain. “NON EGON ZERA MARTIN!!” ozen batez egin zidan ongi etorria, eta Amak, normalean Martintxo deitzen nau. Nik ordea malko lodi batez erantzun nion. Tentsioaren poderioz zegoen nire aho txikia itxirik. Orduantxe Amak besarkada estu bat oparitu zidan. Galdera sorta egin zidan hortxe bertan. Non egon nintzen, zergatik ez nuen deitu, zergatik ez ote nuen abisatu, non bazkaldu nuen, eta abar luzea izan zen polizi efikazaren galdeketa. Eta erantzuten hasi nintzen. Galderaz galdera. Pixkanaka puzten hasi nintzen nire Odisea partikularra kontatzen nuen bitartean, baina bat batean gizon luze eta azal beltzaraneko bat ikusi nuen pasillo bukaeran. Orduan, nire istorio osoa erori zen. Nor zen gizon hura? Amaren “lagun” berria akaso? Sorkundek oso ondo zekien nik ez nituela ezezagunak gustuko.

 

-         Zer ari zera begiratzen, Martintxo? –eta Amak buelta eman zuen, tipo hori inoiz ikusi ez balu moduko aurpegia itzuli zidalarik. Nik ordea ezin nuen erantzun. – Martintxo, hau Ximon da, zure aita.

 

Gizon altua zen Ximon. Eta urruna, urrutikoa. Bere azal belztu eta landuak itsasoaren orbainez hitz egin zidan. Nik banekien nire aita itsasgizona zela, Amak sarritan kontatu zidan horregatik utzi zuela. Baina nik piraten moduan imajinatzen nuen Ximon, itsaso zabalean itsasontzi gainean beste piratekin lapurretan egiten, altxorrak bilatzen eta ezpatarekin borrokan. Baina buruan nuen Ximon hura ez zen nire aurrean nuena. Nire ametsetako Ximonek irribarrea zuen beti ahoan, eta txiste ugari kontatzen zituen. Benetako Ximonek berriz aurpegi serioa zuen, munduko txiste onenak ere aldatuko ez lukeena.

 

-         Kaixo Ximon. Ni martin naiz.

 

*          *          *

 

Ezin izan nuen ia lo egin gau hartan. Gutxi afalduta joan nintzen salara, Ximon pixka bat ezagutzera. Bertan, Ama, Amona, Anaia, Ximon eta ni ginen. Pixka batean hitz egin genuen, erdara hutsean, Ximon Lugotarra zelako. Oso zaila egin zitzaidan hizkuntza horretan aritzea, baina azkenerako ondo moldatu ginen.

 

Azaleko gauza mordoaz hitz egin genuen: bidaiez, ekaitzez, olatuez, arrain arraroez… eta lurralde arraroetako zenbait opari ekarri zizkigun anaiari eta niri. Ohera joan nintzen eta orduan hasi zen benetako hizketaldia. Ama, Amona eta Ximon egon ziren hizketan.

 

Saiatu nintzen euren hizketaldian arreta jartzen, eta naiz eta etxeko sala eta Anaia eta bion gela elkarren ondoan egon ezin nuen esaldi oso bat bukaera arte guztiz ulertu. Hainbeste arreta jarri nuen, hainbesteko esfortzua ari nintzen egiten, eta nekeak azken ileraino harrapaturik ninduela kontuan harturik, lo hartu nuen. Berandu baina azkenik lo.

*          *          *

Bat-batean esnatu nintzen. Ez dakit amesgaizto baten ondorioz ala pixaren urgentziaz izan zen. Akaso bien konbinazio maltzur eta beharrezko batek esnatu ninduen. Goizeko zortziak izango ziren. Erlojuak konfirmazioa eman zidan. Komunetik pasa eta gero salara hurbildu nintzen. Denak lo ziren oraindik, baina halako batean Ama amonaren gelatik irten zen. Bazirudien Ximonek eta Amak ez zutela elkarrekin lo egin. Egun polita zegoen, eta segituan, salako buila entzunda edo Ximon agertu zen, lo aurpegiz. Gosari ederra hartu genuen, nahiz eta ni urduritasunean murgilduta, ez nuen goserik hasiera batean. Gosari artean, Amak, nire istripuaz eta ondorengo “supergaitu” horren kontuaz hitz egin zion Ximoni. Honek harrotasunez hartu zuen berria, benetako Aita baten moduan, eta <<honelako gertaerez heldutzen dela gizona>> bezalako esaldi potolo batez ferekatu zidan burua. Sinesten ez nuen esaldi tonto batekin harro sentitu nintzen, eta irribarre faltsu bezain erreal nazkagarri batez otoi egin nion aitari, momentu hartan errepresentatzen zuen ispilua Jaungoikoa balitz bezala. Inozoa ni!

 

Azkenik kalera irten ginen, futbolean jolastera. Futbol zelaian ginela, jaurtiketak egiten hasi ginen. Anaia lehenik. Prestu zegoela zartako latza bota zion atezaintzan zegoen Aitari. Anaia ona zen futbolean. Bere adinerako indar paregabea zuen eta nahiz eta Ximonek erraz gelditu zuen jaurtiketa Poseidonek landutako atzamar ikaragarri haiekin, hala esan zuen <<¡Muy bueno Peru! ¡Llegarás lejos!>>. Esaldia gezurrezkoa zela erraz nabaritu nuen, eta supergaituaren txanda heldu zen. Tentsioa nuen gorputzean nahiz eta banekien Ximonek goratzen ninduela. Agian, ezinezko egin zitzaizkion ikasgai guztiak menderatzen nituelako erraz. Eta baloia mimo handiz kokatu nuen bere lekuan, eta ez nirean. Orduan, hasperentxo inozo bat egin eta baloitik bi metrora jarri nintzen. Anaiaren komentario faltsua benetako bihurtu behar nuen! Eta sast! Eman nion baloiari. Ximon barrezka hasi zen. Ezin zion barre egiteari utzi. Eta ez zuen inork txisterik kontatu. Orduan, algara artean, ezinka, ondorengoa esan zuen: <<¿Y tú eras Superdotado?>>. Neanderthaleko gizonak harrapakinari lantza botako balio bezala iritsi ziren hitz krudel haiek nire belarrietara, eta pixkatxo bat geroago bihotzera. Argi nuen supergaitu batek ez duela zergatik ona izan behar futbolean. Ze demonio! Argi nuen ez nintzela supergaitua! Eta hitz haiek suposatu zuten erreakzioak frogatzen zuen ez nuela inteligentziaz jokatu. Pentsatu gabeko hitzek ihes egin zuten mingain puntatik, bizitza guztia eman duen preso batek kartzelatik ihes egin nahi duen moduan. Nire gaztelera traketsean <<¿Por qué no te metes en la barco, y vas a pescar?>> ozen batez erantzun eta korrika joan nintzen etxera.

Itsaslabarra, Odisea, eta Eskalea

Badoa denbora. Aurrera. Baliteke gelditu barik aurrera doan gauza bakarra izatea? Egin diot galde neure buruari. Azken finean badirudi gauza guztiek dutela hasiera eta amaiera, edo hala irakatsi digute behintzat ikastolan. Baina… nola da posible zer edo zerk hasierarik ez izatea? Badago betidanik existitu den ezer? Ez da posible. Denak behar du hasiera. Orduan, denborak hasieraren bat bazuen, beste kontzepturen batek behar zuen bere aurretik… ezin dut ulertu. Eta denborak ere hasiera izan balu, demagun 0. segundoa, nork edo zerk bultzatu zuen denboraren sorrera? Nork eman zion hasiera denborari? Nahaspila dut barnean. Itsaslabarrari egin diot so, denboraren handitasunaz ahazteko, momentu batez bada ere.

 

Handia da itsaslabarra. Etena da. Muga. Itsaso eta lurraren arteko aduana. Eta prezio garestia du muga hori zeharkatzeak. Itsasotik etorrita igoera ezinezkoa duena, eta lurretik joanda salto ikaragarria; kaioentzat aproposa, eta euren habiak seguru egoteko ordaintoki ezin hobea. Jakintsua da natura. Ohartuko al dira kaioak itsaslabarrak gizasemeentzat duen ezinezkotasunaz? “Ez dut uste” ziur batez erantzun dit subkontzienteak, baina hala ere kaioek itsaslabarretan ipintzen dituzte euren habiak.

 

Azkenekoz begiratu dut itsaslabarra. Handia da, bai. Zentzu askotan. Handia da surfean dabilen horrekin alderatuz; handia da bere bizia kendu nahi duen gizaseme ahularentzat; handiegia da igerian datorren naufragoak zituen ilusio apurrak zapuzteko, irlari buelta eman ostean nekez dastatuko duela lurrik ohartarazteko; handiegia azken batean.

 

Eta etxera bidean joan naiz. Lasai berriro, baina… Ama arduratu xamarra egongo da dagoeneko… ez dakit ze ordu den. Eskuineko eskumuturrari begira geratu naiz, tonto baten moduan. Baina erlojua ez da inon agertu. Ezker eskumuturrean egongo da akaso? Ezta ere. Erlojua etxean da, gelako mahai gainean. Putza! Autobusa hartu behar dut, baina, zein? Korrika hasi naiz, autobus geltoki baten bila, eta bidean uso erraldoi batekin egin dut topo, eskultura handia. Hara! “Bakearen Usoa”! Eskultura handia, esanahi handiagoa. Baina ez dut gogoetarako betarik. Autobus bat behar dut! Zurriolako zulora iritsi eta hesien ondoan ikusi dut geltokia. Horixe hartuko dut. Bat-batean agertu da autobusa, Jesusek Jaungoikoa ikusi zuen moduan, abisatu gabe. Eta presaka igo naiz, batzutan uste baitugu gure sentipenen ispilua dela parean duguna. Presaren gatibu ziztu bizian sartu dut bi bidai dituen bonobus zimurtua dagokion zuloan. Eta ez dabil. Berriro saiatu naiz baina garaipenik gabe. Azkenerako, presaren presaz txoferrari begiratu diot, urduri. “Trae niño”! zikin batez kendu dit eskuetatik bonobusa, eta makina berezi batez zulatu dit azkenaurreko bidaia.

 

*          *          *

Parean farmazia moderno bat dut, eta bertako kartel berdean ordua dago idatzia zenbaki zorrotzez: 22:47. Ez du Homerok neure bizitza marraztuko baina Odisea izugarria sufritu dut. Boulevardean nago berriro. Gaua sartu da dagoeneko. Neukan dirua bazkarian xahutu dut, eta azken bidaia Altzatik Grosera itzultzeko erabili dut. Bazirudien igandetan autobus gutxi zegoela baina azkenean 13 zenbakia duen bat topatu dut. Orain oinez joan beharko dut etxera. Amak akabatuko nau. Leher eginda nago.

 

Kutxazain baten paretik pasa naiz, eta bertan eskale bat ikusi dut kartoi artean lo. Zeinen kontraesan handia: eskalea eta kutxazaina. Pobrezia eta dirua. Pozik biziko da? Nekatuegia nago sakontasunetarako. Eta bera? Ez al da gizartearen epaiez nekatua egongo?

 

*          *          *

 

Etxeko ateko sarrailan sartu dut giltza…

Ahazte Nabearen Bila

Goizean goiz jaiki naiz. Zortziak aldera. Leihotik begiratu eta eguraldi ezin hobea dagoela ikusi dut. Eguzkia dir-dir zeruan, hego haize motelak pareko bizilagunaren arropa guztiak jarri ditu dantzan, eta txoriek alai dirudite kantari. Jende arrastorik ez da kalean hala ere. Ziurrenik igandea delako eta goizegi ireki ditudalako begiak. Saiatu naiz ordea, begiak estu ixten, irekitzean jende mordoa aurkituko dudalakoan, ikusten dudana ametsa balitz bezala. Baina halako mirariak denboraren baitakoak dira, ez ni bezalako ume moko batenak, eta kaleko isiltasunak arrazoia eman dio denborari.

Hala ere, ni salbuespena izatekotan jaiki naiz gaurkoan, eta dutxa azkar baten ostean kalera joateko prest nagoela ziurtatu dut. Arropa guztia jantzi eta patrika arakatu dut: 300 pezeta, mukizapi zikin bat, etxeko giltzak eta 3 bidai dituen kartoizko bonobus zimurtu bat. Prest nago, bai. Eta itsasoaren bila irten naiz kalera amari deus esan gabe. Itxaropenaren bila.

Autobus geltokira joan naiz, bost zenbakia duenaren zain. Segituan iritsi da urdin koloredun autobus zaharra, egurrezko eserlekuak dituena. Niri zuri-urdinak gustatzen zaizkit, berriak. Dena den, autobusa ia hutsik egon arren, aurreko geltokian igo den andre batek ezagutu nau. “Zu Pakitaren biloba zea, ezta?” batez agurtu nau, hizketaldi luzea espero duenaren itxura hartu diot, baina nik, “Bai. martin naiz” soil batez erantzun diot, argi utziz Ni naizela eta ez nire amonaren biloba. Eta modu batez solasaldia eteteko intentzioz autobusaren atzealdera joan naiz, ahoan hitza utzi diodala. Segituan iritsi naiz Ondarretako hondartzara eta “Gero arte” goxo batez agurtu dut amonaren lagun hura. Azken inpresioa izaten baita gehien irauten duena.

Ezinegon jaitsi naiz autobusetik, eta itsasoa hain gertu izanda garrasi egiteko gogoa ere izan dut, baina hori ez da goizeko bederatzietarako moduko ongi etorria, eta bide batez, ezinegon hori saihesteko korrika egin dut hondartzaraino. Aske. Hondarretan eseri naiz, itsasoari begira. Itsasoa bare dago. Eta olatutxoen joan-etorriari begira geratu naiz.

Azkenaldian bizi dudan egoeraz egin dut gogoeta. Ez dakit zenbat denbora egon naizen horrela, baina konturatu naizenerako jendez gainezka dago hondartza. Toallak, korrika ari diren umeak, eguzkiaz gozatzen ari diren amonak, familia handiak, … eta bat-batean ahazte nabeak egin du hegan nire buru gainean. Edo barruan. Ez baitakit errealitatea ala ametsa izan den. Zutitu eta oinez irtena naiz bizirik dagoen kanposantu horretatik. Hilarriak beharrean toallak eta hamakak, loreak izan behar zutena jendea da, eta isiltasuna behar lukeena garrasiak dira. Nik lasaitasuna eta bakea behar ditut. Horretara joan naiz hondartzara, bakardade pixka baten bila.

Kontxa zeharkatu dut paseotik, presa armatzat duten kamikazeen artetik. Jai egunak lasai egoteko omen dira, deskantsatzeko, baina jendeak ez daki hori.

Azkenik Boulevardera iritsi naiz. Komatik irten eta gero lehen aldiz ikusi dut Urumea ibaia. Oso sentsazio arraroa izan dut ordea, Boulevardetik Grosera begiratu eta hesidun zuloa ikusi dut Zurriolan. Bete gabeko hutsune handia dago, bai. beti bezala, baina eraikin handi baten falta sumatzen dut, harri izugarri handi bat egon beharko balitz bezala, argazki baten negatiboa ikusten ariko banintz bezala. Eta ez dago ezer, hutsunea besterik ez. Hala behar du. Nik ere hutsunea nabari dut barrenean, sentsazio hutsa, arraroa.

Sentsazioak alde batera utziz urrutira begiratu dut, eta itsaslabarrak erakarri nau. Ez dakit goialdea ala beheko partean olatuek zipriztintzen dutenak erakartzen nauen, baina zonbi baten moduan abiatu naiz. “Agian han dago ahazte nabea!” pentsatu dut, bai baitakit nonbait ikusi dudala nabe madarikatu hori, baina ez dakit non. Imanek euren artean elkarri erakartzen dioten moduan erakartzen nau itsaslabarrak, kontrako polaritatea bagenu lez. Eta presaka abiatu naiz, azkar. Berriro ezinegon, baina oraingoan ez dut garrasi egin nahi. Ez. Hara iritsi nahi dut soilik. Orain ni naiz kamikazea, ni naiz suizida, eta korrika noa jendea baztertuz. Paretik kentzen dudan pertsona bakoitzak iristen utzi nahi ez balit bezala. Nire aurkako konspirazio erraldoi bat balego bezala.

Eta Monpasera iritsi naiz. Paseotik arakatu dut dena, denbora amaitzear duen detektibearen antzera, pistei erreparatu barik. Eta ez dut nabea aurkitzen. Poloak ez nau erakartzen orain, imantazioa kendu balitz bezala. Eta nire intuizioak huts egin didala ondo nabaritu dut. Ez, hor ez dago ahazte nabea. Itsu-itsu joan naiz, dagoen paisaia ikusi gabe. Harresian eseri naiz, lasaitu nahian. Jendearen hotsak alde batera uzten saiatu naiz, eta lortu ere. Eta olatuen joan-etorria besterik ez dut aditzen berriro. Olatu txikiak harkaitzei jotzen besterik ez. Berriro lasaitu naiz, begiak ireki, gorputza jiratu eta itsaslabarrari begira geratu naiz. Pentsa, urteetako olatuen kolpeek sortu dute itsaslabarra, emaitza. Ehunka milaka urteen eraginez. Behin eta berriro, itsasoa aspertuko ez balitz bezala. Eta denboraren esklabo garela besterik ezin dut pentsatu.

Aske sentitzen nintzen hondartzara korrika nindoanean, eta orain, hiru bat ordu eta gero, preso sentitzen naiz. Denboraren gatibu.

Kanta luzeen poema

Zurrunbiloa dator itsasaldetik

Geldi ezin

Dena da min

Minutu luze ta ixilen atzetik.

 

Iada sirena hotsak entzuten dira

Badet pena

Eromena

Joan dira nire amets ta diztira.

 

Segundoen sinfonia oparora

Ezin ohitu

Ezin aitu

Ezinekin josi dut bihotz taupada.

Jostorratz zorrotza

Nire bihotza

Ezinbestean, maiz ibili da aske

Orain loturik

Kateaturik

Bizitzaren beste buelta bat ez ote?

Korapiloen jabe?

Hariak muga gabe.

Kantu luzeegia dela diote.

 

Ulertezinen kantu

Jakitun sentitu

Amak erregutu

Hau dena ezin lotu.

Baina askatuko dut korapiloa,

Zurrunbiloa,

Ta doinu honen estribiloa.

Neu naiz txotxongiloa.

 

Baina sirena

Ta minutu luzeena,

Heldu da azkena

Abesti luzearena

Zeren eta nire bihotza

Eta bere kateak

Ez baitira askeak.

Hau da denboraren esklabotza

Basamortuko bi errepide estuak

Zurrunbiloak dena erakartzen du. Barnealdean hautsa eta arinak diren gauza guztiak ezkutatzen diren bitartean azalean gauza pisutsuenak geratzen dira. Naturaren fenomeno arraro honek ezin hobeto esplikatzen zuen Sorkundek bizi zuena. Lo egitera ausartzen zenean, zurrunbilo madarikatu horrek inoiz baino hobeto erakusten zizkion jaten zuten arazo guztiak. Barnealdean txikikeriak geratzen ziren, ikusi ezin direnak. Horregatik aspaldi ez zen ile-apaindegira joan, edo ez zuen arropa berria erosi. Arazo handiek ez zioten txikiak ikusten uzten. Eta arazo potoloak hegaka zenbiltzan buruan. Senar ohiaren berri ez zuen aspaldidanik, amaren etxean bizi behar zen, martinen istripua, eta… eta orain, supergaituen kontua. Potoloegiak ziren buru barruan bueltaka zituen arazo handiak.

 

<<Aspaldi eztetela hemen idazten. Malkoak erori zaizkit aurreko guztiak irakurri ditutenian. Enuen oroitzen pasatako guztia. Eta are gutxiago hain zehazki idatzi nituenik. Ziurrenik, zuhaitzen antzera loditzen zaigu azala arazoen aurrean. Eta adinarekin arazo gehiago ditugunez gure azala lodiagoa da. Baina azkenaldian udaberri gehiegi iritsi dira nere zuhaitzera eta azkarregi ari da potoltzen. Eta azal guzti honek etzidan barrukoa ikusten uzten. Baina egunkari hau irakurtzen nuen bitartean norbait ari zan azala txikitzen, eta bukaerarako barruko dana ikusten zan. Dana ikusi det.

 

Baina eztet egunkari hau iriki zuhaitza txikitzeko, ez. Kontrakoa. Zuhaitza loditu nahi det. Zaharrago bilakatu agian, bai. Horregatik idatziko det gertatutakoa.

 

“Ezin det gehiago” batekin hasi nuen aspaldi hartan egunkari hau eta nahiz ta ezteten kalkulatu nahi ordutik hona zenbat udaberri pasa diran, berdinakin jarraituko det.

 

Eta ezin det gehiago. Laguntza behar det. Mesedez! Zer egingo det orain? Martin gaixoa psikologoana bidali? Horrelakorik merezi du? Ez, ez eta ez! Ezin det!>>

 

Eta sorkundek begiak itxi eta basamortura joan zen. Han zegoela, bero ikaragarriak zartatu zuen. Ttantta ttipi batek ihes egin zion kopetako poro ñimiño bati. Eta ttanttatxo hark eman zion hasiera izerdi jarioari. Ezin egonak larritzen zuen Sorkunde eta urkaren zain dagoenaren itxura hartu zuten bere bi perla beltzek. Orduan, bat-batean, denbora gelditu zen. Haizerik ez zen mugitzen eta beroa desagertu zen. Begien itxi-ireki batekin agertu zen errepide hura bere aurrean. Errepide estua basamortuan. Zuzena. Eta amaierarik ez zuena. Edo ikusten ez zena behintzat. Bizitzaren bidea akaso. Baina buelta eman eta beste errepide bat ikus zitekeen. Estua baina kiribildua. Arazoen bidea ziur. Ezinezkoa dirudien arren, bere gorputzetik hegan irten eta bi Sorkunde ikusi zituen oinez, horizontean galtzen ikusi zituen biak. Bakoitza bere bidetik, eta ez beste inorenetik.

Bikain. Baina gaizki

-         Harrituta nago Martinekin, Sorkunde. Istripua baino lehen nota oso onak ateratzen zituen baina orain… ezberdina da, orain dena baleki bezala ematen ditu orduak. Eta dena daki!

-         Baina zer esan nahi dezu horrekin Mari Jose? Ez al da ba ona Martinek nota bikainak ateratzea?

-         Bai, bai… noski… esaten ari naizena zera da: badirudiela lehen baino gehiago dakiela.

 

Segundo pare batez biak elkarri begira egon ziren, hizkuntza desberdinak hitz egingo balituzte lez. Batak ez zuen besteak esaten zuena konprenitzen, nahiz eta esaten zuena uler zezakeen. Bat-batean Marijok definizioa eman zuen.

 

-         Argi hitz egingo dizut. Ni ez naiz medikua Sorkunde. Nik ezin ditut diagnostikoak egin. Baina apustu egin beharko banu, zure semea supergaitua dela esango nuke.

-         Supergaitua?? Zer da hori?

-         Erdarazko superdotado.

-         Supergaitua… argi ikusten det esan nahi dezuna. Eta orain, beste psikologo batengana eraman beharko det. Eta bizitza guztia izorratu haurrari. Ez, ez. Ez nago prest. Duela oso gutxi atera da ospitaletik eta ez det beste batean sartuko Mari Jose. – oso nahastuta zegoen Sorkunde. Berriro arazoak. Nahikoa bazuela etxean bakarrik lana eginda bi seme aurrera ateratzea eta beti arazoak erakartzen zituen.

-         Sorkunde, Sorkunde… ez zaitez nahastu mesedez. Ni ez naiz bere tutora baino, eta ikusten dudana komunikatu besterik ez dut egin nahi. Argi dago ez dela brometako kontua, eta supergaitua balitz bizitza aldatuko litzaiokeela haurrari. Orain zure esku dago, eta erabakia zuk zeuk hartu behar duzu. Hala ere, jakin, ikastolak ahal duen neurrian lagunduko dizula.

 

Noten kartila eskuan nuela, Ama eta Marijo eztabaidan ari ziren gela barruan. Ezin nuen sinetsi. 14 gai eta 14 bikain. Eta ni, bitartean, klasean aspertzen nintzen. Zergatik irakasleek hitz egiten zutenean dena antzematen nuen? Oso nahaskorra sentitzen nuen momentu hau. Bikaina izan behar zena ez zen horrenbesterako, eta sentimendu negatiboak sumatzen nituen barnealdean.

 

Baina oporrak iritsi dira dagoeneko. Eta udara luzea da oso, gauza txiki guzti hauek ahaztu ahal izateko.

 

-         Goazen Martin. Goazen etxera.

-         Zer dezu Ama?? – aurpegi zuriak eta begi bustiek elkarrizketa bero baten adierazle ziren

-         Ez da ezer Martin. Goazen etxera.

 

Eta eguzkiak zeruan argitzen zuela hasi zen nire udara. Txoriak kantari. Lorez betetako bazterrak. Umez jantzitako kaleak amesgaizto makabro bat ziruditen nire Amaren begietan. Eta uda luzea izango zela zin egin zidan eguzkiak. Luzea eta ahaztezina.

Elefanteak tronpa altxatu zuen

Badira Asiako zenbait kultura non elefantea sinboloa den. Guretzat animali arrotza, kuriosoa egiten zaizkigu haren itxura motela eta ibilera makalak. Handia da elefantea. Zentzu askotan handia. Ez soilik tamainari begiratuz, baita bere gaitasun sozialez ere da handia elefantea.

 

Marijo irakasle maitagarriak, Indiatik txangoa eginda itzuli zenean klaseko bakoitzari oparitxo bat ekarri zigun. Bakoitzari bat, eta desberdina. Niri, marfilezko elefante zuri bat ekarri zidan. Txikia. Eta tronpa gorantz zuena. Segituan, nire poz aurpegia ikusi zuenean, istorio txiki bat kontatu zidan. Ez dut inoiz jakingo egia ala gezurra den, ez baitut uste Indiara inoiz joango naizenik, baina istorioa gustatu zitzaidan. Ondokoa zioen:

 

Shivá jainkoa ohera itzuli zenean, beste pertsona bat aurkitu zuen bere emazte Parvatirekin lotan. Izugarri haserretu zen Shivá eta bitan pentsatu gabe, jainko guztien gorrotoaz burua moztu zion ohean zegoen gizasemeari. Shivák ez zekien, Ganesh, bere emaztearen semea zenik, eta Parvatik egunak eta gauak eman zituen goibeltasunean murgilduta. Azkenerako, Shivák ezin zuen horrela sumatu bere emaztea, eta ikusiko zuen lehen animaliari burua moztuko ziola hitzeman zuen. Orduan, gelatik irten eta elefante zuri batekin gurutzatu zen. Burua moztu zion gero, eta Ganeshi itsatsi zion. Orduz geroztik, Ganesh pozik bizi izan zen, eta hinduentzako “bideak irekitzen dituena” eta “bideko oztopoak suntsitzen dituena” da.

 

Zorte onaren sinboloa omen da tronpa gorantz duen elefantea, baina niri ez zidan zorte gehiegirik eman, handik hilabete gutxira izan baitzen istripua. Agian, Ganeshen antzera jokatu beharko nuke, eta buru berriaz zortea bilatu.

 

Nik bada ezpada, beti eramaten dut gainean Marijok emandako elefantea. Nork daki noiz beharko ote dudan. Gainera, bizirik naiz, ez dela gutxi.

Kronoren iruzurra

Denbora ororen jainko omen da Kronos. Edo hala zioten antzinako grekoek behintzat. Jainko inmateriala. Agure bizardun batez irudikatua, Zeusi agertzen omen zitzaion tarteka, baina normalean gorputz gabea zen. Saturno planetaren irudia ere bazen, 30 urte luzez ikusi daitekeen planeta omen baita, denbora gehien jarraian ikusi daitekeen planeta alegia. Hortik hartzen omen du denboraren izena, luze ematen baitu zeruan, desagertu gabe. Eta berak sortu omen zituen unibertsoa, lurra eta itsasoa. Baina bada beste jainko bat greziar mitologian, antzeko funtzioa betetzen duena eta izen oso antzeko bat eman zaiona: Krono. Jainko honek uztak, eta gizakien eboluzioa denboran zehar ikuskatzen ditu, edo zituen, nork daki oraindik hor nonbait omen dagoen gure bizien eboluzioa begiratzen.

 

Krono ez zen jainko politikoki zuzena. Bere seme-alaba guztiak irentsi zituen jaio bezain laster. Baina izan zuen azkena, Zeus alegia, Kreta irlako leku misteriotsu batean jaio zen. Bere ama Reak fardel batean harri bat bildu eta Kronori eman zion seigarren semea irents zezan. Kronok, sinistu zuen harri hori Zeus zela, eta fardel barruan zegoen harria ikusi gabe irentsi zuen. Gerora, Zeus hazi zen eta bere aita garaitu zuen. Bere anai-arrebak bota zituen Kronok barneetatik eta bizitza guztia eman zuen Tartaroan atxilotua.

 

Baina nire bizitzako 92 egun Kronoren begietatik egin zuten alde, Zeusek bezala agian, ezin baitzuen bere bizia sumatu zuhaitz batetatik baitzegoen zintzilik eta lur, itsaso zein zeruko jainkoa izanda ere ezin zuen Kronok bere semearen izatea sumatu.

 

Koman egon naizen 92 egun luze bezain eskasetan ez da denboraren kontzeptua nire bizian egon. Agian Kronoren begi zorrotzetatik at egotean, denbora libreki igaro da nire baitan, segundoak ordu bilakatuz, eta nire eboluzioa kontrolatu ezinik erreboluzioa egon da nire barnean. Horregatik gaur, ikastolako lehen egunean aspertu egin naiz. Ez baitut ulertzen zergatik ulertu dezakedan besteentzat ulertezin bihurtzen den dena. Zergatik dakit ikasteke dagoena? Zergatik egiten zait erraz besteei kosta egiten zaiena? Zer aldatu da nire baitan azken hilabeteetan?

 

Misterio bat naiz agian. Kurtsoa bukatzear dago eta nota bikainak aterako ditudanaren susmo ona daukat. Baina nik ez dut hau guztia nahi. Nik lehenagokoa izaten jarraitu nahi dut.

 

Iruzur egin didazu Krono!

“La Nave del Olvido”

Urduritasunean eman dut gaurko egun guztia. Ezinegon hartu nuen lo atzo, eta ezinegon esnatu naiz gaur. Ez dut ia gosaldu eta Mirenek sekulakoak esan dizkit gosaririk probatu ez dudalako ia. Bazkari eta afaria berdin joan dira.  

Kalera irten naiz. Bai, gaur ere. Aste eta erdi daramat kalean paseotxo labur batzuk ematen, baina nire urduritasuna ez da sortu kaleko pausoak dastatu ditudalako. Ez. Nire urduritasuna ez da suertatu denbora gutxi geratzen zaidalako kartzela txiki honetan. Ez. Atzo gauean zerura begiratu eta ilargi ia betea ikusi nuen. Beraz, gaur izango da nire imajinazioa frogatuko duen eguna. Gaur gauean, lo egitea lortzen badut behintzat, Martinekin topo egiten dudan ala ez frogatuko dut. Eta modu batez pilulen dosiak epaituko ditu nire solasaldi argieginak. Ama agurtu dut –oso ondo nagoen heinean medikuek etxera joateko gomendioa eman diote, eta azkenaldian Amak etxean egiten du lo- eta ohera sartu naiz. Hamaikak, hamabiak, ordu bata, eta konturatu naizenerako lo hartu dut. Behingoz. 

Kale estua. Kolorez betea. Muralak paretetan. Musika nonahi. Dantza eta algara. Baina non nago? Metalezko ate eder bat igaro dut eta kalean barrena egin dut. “El pez no sLa Nave del Olvidoabe que existe el agua” irakurri dut paretan. Edertasunez josita daude paretak. Poemak, marrazkiak, koloreak… eta batez ere kolorea. Jende asko dabil. Beltzaranak ia denak. Kontzertutxo bat ikusi dut kale erdian eta gerturatu naiz. Tinbalak, gitarra espainiar bi, hiru neska eder dotore jantzita koroak egiten, eta txurroz jositako beltz indartsu batek indarrez abesten diraute. Entzuten diharduten denak ni izan ezik dantzan daude, alai. Abesti bat entzun eta gero aurrera egin dut, Martin jende artean bilatu nahian. Kontzertua atzean utzi bezain laster atzera begiratu eta bainera urdin argi bat ikusi dut bi barrez lotuta. Alde batean “La nave del olvido” dio erdaraz. Bai. Barruan da Martin.  

-Kaixo martin! Aspaldiko! Igo nire nabera, leku eder batera eramango zaitut.   

Ezin dut sinetsi. Hor dago, lasai eserita. Nire zain. Ahazte Nabean sartu eta egin dugu alde leku eder horretatik hegan. <<nora goaz>> galdetu eta <<urruti>> soil batez erantzun dit. Bidea luzea izan da eta bat-batean leku lehor eta gris batean lur hartu dugu. Lurrera egin dut salto. Motel. Normala baino denbora gehiago egin dut airean.    

-Begiratu atzera –esan dit irribarretsu 

Eta buelta eman dudanean izugarrizko argazkia ikusi dut. Lurra. Ilargian nago. Martinekin. Luze eman dugu hizketan. Hilabete eskas honetan egin ditudan aurrerapen guztiak kontatu dizkiot, adibide zehatzekin. Manolo ez dudala maite ere esan diot. Eta berak ez nauela kioskoan itxaroten esaterakoan barre egin du. Luze eman dugu hizketan. Baina gauza onek ez dute luze irauten eta Euskal Herria desagertzen hasi denean esnatu naiz. 

Zazpiak dira, eta goizero bezala Mirenek eman dio hasiera egunari. Gaurkoan gustura gosaldu dut ordea.

Déjà Vu

Goizero bezala, gaurkoan ere Mirenek eman dio hasiera egunari. Miren erizaina etorri ohi da egunero goizeko zazpiak aldera botika eta gosaria ematera. Nahiko zorrotza da. Ez nuke amatzat eduki nahi. Azkenerako ohitu naiz, baina normalean ez dut gehiegi gosaltzeko gogorik izaten, eta Mirenek dena bukatzen behartzen nau beti. Kola-kaoa, gailetak eta fruta pixka batez osatzen da nire goizeroko gosaria. Hasieran zerealak ere ekartzen zizkidan baina ezin nituen inoiz bukatu, beraz, azkenerako aspertu zen eta dietatik at utzi ditu. Goizero moduan beraz, erloju suitzar onenaren antzera eman dit gosaria gaurkoan. Gero, nahiz eta Anttonek, psikologoak, monotonia hautsi behar dudala dion, telebista piztu dut. Ez zait gehiegi gustatzen telebista. Bertan dragoi bola da dagoen onena. Eta 25 minutu eskas irauten du. Etxean, goizeko zazpietan, Club Dorotheè ikusi ohi dut, dragoi bola emititzen baitute. Frantsesez da eta egia esateko ez dut ulertzen ia, baina ETB1en baino kapitulu berriagoak jartzen dituzte, eta katu bat banintz bezala, kuriositatez josita, datorren urtean zer gertatuko den jakin nahi dut. Baina ospitalean ez dago telebista frantsesik, eta hala ere, egunero probatzen dut ea gaurkoan jarri ote duten.  

Aurkitu dudana ez da telebista frantsesa, baizik eta TVEko notiziak. Ilunak. Hertzainaken Aitormena bezala. Nahiz eta duela pare bat urte sortu zuten, oraindik irratietan entzun daiteke, eta baita Marijoren klaseetan ere. Eta berriak aldatu behar nituenean, mandoaren bigarren botoia sakatzear nengoela, esplikagaitza den sentsazioa izan dut. Nire burua azkar joan da. Oso azkar. Bat-batean, udan Bartzelonan ospatuko diren Joko Olinpikoak ikusi ditut. Telebistan. Eta buruan. Ez da ohiko déjà vua izan. Ez. Normalean ikusten ari zarena amestu duzunaren sentsazioa izaten duzu. Baina ez da hori izan nik sentitu dudana. Telebistan, zenbait instalazioen lanak oso atzeratuak daudela ari dira esaten, eta nik ordea, 100 metroen finala ikusi dut. Amets batean bezala. Baina oso amets erreala izan da.  Momentuan joan da irudia burutik. Errepikatu nahi dut. Helmugaratze hori birsortu nahi dut nire barruan. Berriro ikusi nahi dut. Baina ezin dut. Oso estu itxi ditut begiak, indar egitean, dena belztean, irudia agertuko delakoan. Baina nire ahalegin guztiek ere ezin dute imajina berriro irudikatu. 

Egunero saiatzen naiz telebista pizten dragoi bolen déjà vu faltsuak hemendik urte betera izateko asmoz, eta gaur, uda honetako irudi baten déjà vua izan dut telebistan. Lehen bait lehen atera behar naiz gela honetatik. Zoratu baino lehen behintzat. -Egunon Martin! –agertu da Antton.

-Egun-on…-Berri onak ditut zuretzat. –alaiegi dago gauza onerako. Ziur nago bere pazienteren batek faltan bota duela Prozaca azken aldian.

-Telebistan? –kaxa beltzeko nexka aspergarria seinalatu dut, aurpegi aspergarria irudikatuz.

-Ze??

-Ez da ezer. Segi segi.

-Gaur, lehenengoz denbora luzean, kalera irtengo zara. – duen irribarrea nirea baino zabalagoa da. Bere lana garaiz egin izan balu bezala.

-Benetan? Ez neri adarra jo mesedez!! –ziur naiz ez dagoela txantxetan baina konfirmazioaren konfirmazioa behar dut.

-Nola ibiliko naiz ba txantxetan horrelako berri batekin? Noski! Baina gaur hamabost minutu besterik ez dituzu egingo. Ados?

-Hiru minutukin ere konformatuko nintzake…

« Previous entries Next Page » Next Page »

Edukien lizentzia: Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5
hosting y dominios